Urte luzeetan, Hondarribian, etxebizitza bat eraikitzerako garaian, pertsona guztiek ordaindu behar dituzten lagapenak kobratzerako orduan ezberdintasun izugarria egon da. “Hirigintza-aprobetxamendu” bezala ezagutzen duguna da, hots, eraikitzeagatik nahitaez egin beharreko ordainketa.
Ordainketa hori, lurzoruaren balioaren arabera egiten da eta, lurzoru horrek zenbat eta gehiago balio, orduan eta handiagoa izango da egin beharreko ordainketa hori. Bada, 2017ko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, EAJ-PNV irizpide horrekin apurtzea erabaki zuen. Ezetz asmatu zein eremuri mesede egin zioten? Golf-eko eremuari, udalerriko errentarik altuenak biltzen dituen auzoari, alegia.
2017ko HAPO hartan, EAJ-PNVren gobernuak erabaki zuen hurrengo koefizienteak aplikatuko zirela:
- Golf-eko eremuan etxebizitza librea: 0,54 koefizientea
- Babes Ofizialeko Etxebizitza (edozein zonaldetan): 1 koefizientea
- Etxebizitza tasatua (edozein zonaldetan): 2,02 koefizientea
- Kosta auzoan etxebizitza librea: 2,28 koefizientea
- Madalenako Kuboan etxebizitza librea: 3,99 koefizientea
- Basakon etxebizitza librea: 7,44
Eta zer esan nahi duen honek? Bada, koefiziente horiek aplikatuz, Golfean etxebizitza libre bat eraikitzeagatik, Babes Ofizialeko Etxebizitza bat eraikitzeagatik ordainduko liratekeen zergen erdia (Hirigintza-aprobetxamendu kontzeptuan) ordainduko luketela, etxebizitza tasatu baten laurdena, Madalenako Kuboko etxebizitza batena baino zortzi aldiz gutxiago edota Basakon etxebizitza bat baino hamahiru aldiz gutxiago.
Jar dezagun adibide praktiko bat. Hirigintza-aprobetxamendua kalkulatzeko erabiltzen den formula konplexu bat aplikatuta, Kosta auzoan eraiki berri den 100 m2-ko etxebizitza libre batek 17.000 euro inguruko lagapena ordaindu beharko luke. Babes Ofizialeko Etxebizitza batek, 5.900 euro inguru. Golfeko eremuan berriz, 100 m2-ko etxebizitza libre batek 2.600 euro ordainduko lituzke, berez, 31.000 eurotik gora ordaindu beharko lukeenean. Hau da, Hondarribiko auzo ia denetan, familiek normaltasunez beren zergak ordaintzen zuten bitartean, Golfean, errenta altuena dutenek, gutxiago ordaindu dute. Hau guztia, EAJ-PNVren erabaki politiko bati esker.
Eta ingeniaritza fiskal honen emaitza? Udalak bi milioi euro baino gehiago jasotzeari utzi diola 2017tik. Ekipamendu publikoetan inbertsioak edota hobekuntzak egiteko erabil zitekeen dirua, alegia. Baina ez, diru hori ez zen kobratu errenta handiei mesede egiteagatik.
Gobernu-talde berria garatzen ari den Plan Orokorrean, lurzoruaren balio errealaren araberako koefiziente finkatzen dira, udal-talde teknikoaren azterlan ekonomikoetan oinarrituta. Aipaturiko urbanizazio horretarako, HAPO berriak, seitik gorako koefizientea (+6,00) zehazten du, hots, EAJ-PNVk ezarritakoa baino hamahiru aldiz handiagoa.
Hondarribian, 2025eko abenduaren 5ean.
