Abotsanitz udal taldeak ospatu egin du Mendelu auzoan kokaturiko Mendelu Enea gune komunitario berriaren irekiera. Espazio hori, erreferente bilakatu daiteke gizarte kohesiorako, bai eta auzoen dinamizaziorako ere. Eraikin honek argi erakusten du zerbitzu publikoak auzoen bihotzera hurbiltzeko apustu sendoa, hiriaren komunitate-bizitza indartzeko asmoarekin.
Mendelu Eneak, oinarrian, Opengela bulegoa hartzen du bere baitan; bertan, etxebizitzen birgaitzerako zein espazio publikoen hobekuntzarako laguntzak izapidetzeko leihatila eskaintzen delarik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hiri-berroneratze ereduari jarraituz. Gainera, herriko gizarte-eragile ezberdinek espazioa erabili ahal izango dute beren jardueretarako. Eta adibidez, tokiko artistei espazio bat gordetzea aurreikusten da ere.
Eragin sozial eta komunitarioko proiektua
Abotsanitzentzat, Mendelu Enea herritarren bizi-kalitatea hobetzeko bideratutako politika publikoen adibide bihurtu da, komunitate-loturak indartuz. Herriko zein auzoko elkarteekin lankidetzak ere bermatu beharko luke auzoetako biztanleen zerbitzura jarriko diren hiri-eraldaketak.
Ezin dugu ahaztu 2025eko martxoko udalbatzako bozketa, non EAJk Opengela zerbitzuaren esleipenaren aurka bozkatu zuen. Harridura handia eragin zigun orduan, baina boto horrek abiatu zuen ondoren oposizioan eramandako “ezetzaren politika”, auzokideekiko sentsibilitate falta erabatekoa eta alderdiaren interesa, interes orokorra eta ongizate kolektiboaren gainetik jartzen dituen jarrera agerian utziz.
Abotsanitzek deitoratu eta salatu egiten du EAJren kontrako boto hura, Mendelu bezalako auzo batek hain beharrezkoak dituen zerbitzuen garapenerako oztopo gisa. Izan ere, auzo hori hamarkadetan zehar erabateko utzikeria eta abandonu egoeran egon da, hain zuzen ere EAJ kudeaketan egon den garaietan. “Mendelu ere Hondarribia da. Mendelu también es Hondarribia”. Gaur, zor historiko horren zati bat kitatu da, baina oraindik bide luzea dago egiteke.
Amaitzeko, herritarrak erdigunean jartzen dituzten politika publikoekiko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, eta auzotar guztiak gonbidatzen ditugu espazio berri hau bere egin eta bertako jardueretan modu aktiboan parte har dezaten.
Hondarribian, 2026ko apirilaren 21a
