Igor Enparan, Lupe Queiruga eta Estitxu Urtizberea ageri dira oposizioko lehen taldearen hauteskunde-zerrendako aurreneko hiru tokietan.

Igor Enparan Araneta, Lupe Queiruga Oronoz eta Estitxu Urtizberea Sorzabal dira Hondarribiko Abotsanitz alderdia maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara begira prestatzen ari den zerrendako lehen hirurak. Jeltzaleen sei agintaldien ondoren, “aldaketarako garaia” dela uste dute, eta aldaketa gidatzeko prest azaldu dira. Udal taldearen bozeramaile den Igor Enparan ageri da zerrendako lehen tokian. Queirugak eta Urtizbereak, aldiz, Ortzi Alonsoren eta Juanito Ortizen eserlekuak ordezkatu nahi dituzte, aurreko bozetan hiru ordezkari lortu baitzituen Abotsanitzek. Hirurek, “herritarrek eta auzoek dituzten beharrei herritik bertatik erantzuteko” konpromisoa adierazi dute.
