ABOTSANITZEK PNVREN KONPROMISO EZ-BETETZEA SALATU DU ESTATUKO LEGEALDIAREN AMAIERAN: “16 URTEZ TITULUZ TITULU ERABILI ONDOREN, HONDARTZAKO KIROL EREMUAK BLOKEATUTA JARRAITZEN DU”

Estatuko legealdia amaitzear den honetan, Abotsanitzek berriro ere agerian utzi nahi du EAJ-PNVk Hondartza Kirol Eremuaren emakidarekin eta kudeaketarekin hartutako konpromisoa ez dela bete.

Estatuko legealdiari amaiera ematera goazen honetan, Abotsanitzetik salatu nahi dugu, beste behin ere, EAJ-PNVk Hondarribiko hondartzako eremuarekin hartutako konpromisoak ez direla gauzatu. Madrilen aurrekontuak zein inbestidurak babesteko “akordio historiko” gisa behin eta berriz saldu zizkiguten hitzek errealitate bihurtu gabe amaitu dute legealdia, hondarribiarrei konponbide errealik eman gabe, alegia.

Hemeroteka: 16 urteko argazkiak eta gauzatu gabeko promesak

Datu eta ibilbide politiko bat dago atzetik: 2010ean, EAJ-PNVko diputatu zen Joseba Agirretxea eta orduko alkate Aitor Kerejeta lehen aldiz prentsan agertu zirenetik, 15 urte baino gehiago igaro dira izapideak eta tramiteak abiatzeko. Urte horietan guztietan, makina bat aldiz agertu dira publikoki, besteak beste, Arantxa Tapia sailburu ohia edota Aitor Esteban diputatua, zegokien hauteskundeen bueltan, gaia “itxita” zegoela behin eta berriz adieraziaz.

2025eko martxoan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean atzerapen handiz argitaratutako tramitearen hasieraren ondoren ere, herriko EAJ-PNVk “Hondarribia jabea da PNV eta PSOEren akordioari esker” titularra zabaldu zuen, eremua oraindik Udalaren eskuetan ez zegoenean. Legealdia amaitzera doan une honetan, errealitatea krudela bezain borobila da: agindutako transferentzia eta emakidaren konponbide integrala ez dira errealitate bihurtu.

Ke-saltzeekin nekatuta gaude

Hondarribiarrek eta tokiko kirol eragileek —hala nola Futbol Elkarteak hainbat urtez itxaroten ari den belar aldaketa eta azpiegituren hobekuntza gauzatzeko— kudeaketa eraginkorra behar dute, ez hauteskunde-epeen arabera berritzen eta gauzatzen ez diren promesak.

Madrilgo adierazpenak eta erakunde arteko elkarrizketak aitzakia edo propaganda gisa erabili badira ere, kudeaketa eza Hondarribian bizitzen da egunero: ziurgabetasuna emakidetan, atzerapen amaigabeak azpiegituretan, eta herriarentzat funtsezkoa den kostaldeko zein kirol eremu baten garapen eza.

Egoera honen aurrean, Abotsanitzetik honako hau eskatu nahi dugu:

  1. Zintzotasuna eta gardentasuna: EAJ-PNVk eta PSOEk alderdikeriak albo batera utz ditzatela eta herritarrekin zein Udalarekin argi eta gardentasunez parteka ditzatela emakidaren zein transferentziaren egoera juridiko erreala eta atzerapenen arrazoiak.
  2. Propaganda alboratu eta herri-ikuspegia berreskuratzea: Hondarribiko eremu publikoen eta kirol-azpiegituren etorkizuna ezin da Madrilgo gehiengo politikoen aldartearen edo iragarki elektoralen menpe egon, etor daitekeenarekin hurrengo asteetan.
  3. Egutegi zehatz eta bideragarria: Errealitatean oinarritutako konpromisoak eta egutegi argi bat ezartzea, herritarrei eta ukitutako eragileei behingoz egiazko informazioa emateko.

Abotsanitzetik lanean jarraituko dugu, urtez urte aldarrikatu dugun bezala, Hondarribiko espazio publikoak eta kirol-azpiegiturak behingoz herritarren eta Udalaren eskutan egpteko, eraginkortasuna eta hitza beteaz.

Hondarribian, 2026ko urriaren 21ean.

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2026. Eskubide guztiak erreserbatuta