Iraganeko 31+3 etxebizitza pribatu eta 0 publikotik, 36 pribatu eta 30 publikotara
Montañeneako promozioan antzera eta etxebizitzaren larrialdiari aurre egiteko, udal gobernuak albiste pozgarriak ekarri dizkigu beste behin.
Atzoko Hirigintza batzordean, alderdi guztietako zinegotziek aukera izan zuten nahi bezain beste galdera eta kezka argitzeko Madalenako Kuboaren hitzarmenaren inguruan. 2017an, 31 etxebizitza pribatu zihoazen Madalenako kuboan eta 3 Javier Ugarte 9an; guztira 34 etxebizitza libre eta 0 publiko, eta udalak 1,48 milioiko konpentsazioa jasoko luke.
Orduan, etxebizitza horien %40ak publikoa eta %60ak pribatua beharko luke, hirilurraren araudia aplikatuta; Teorian, 12 etxebizitza publiko eta 22 etxebizitza libre eraiki beharko lirateke, hurrenez hurren.
Aurretik aipaturiko bizitoki larrialdia dela eta, formula bat bilatu dugu alokairura bideratutako etxebizitza publikoa maximizatzeko, hau da, ahalik eta gehien egitea, ahalik eta azkarren, Hondarribian bizitzea eskubidea izateko eta ez luxu.
Kasu honetan, Montañenean eta gainerako sektoreetan bezala (Etxanikenea, Karmeldarrak, Tudelenea…), etxebizitza pribatuen eraikigarritasuna zertxobait igo da, Basakoko luxuzko promozioa ez delako egingo. Gogoratu, “luxuzko etxebizitzak, bigarren etxebizitara bideratura zihoazten 200 etxetik gora”… Basako deuseztatzeak, eraikigarritasun libre hori eremuz-eremu banandu behar izatea ekarri du, HAPO-ak jasotzen zuen etxebizitza libre eta babestu kopurua mantentzeko.
Aukera bagenuen 12 etxebizitza publiko jasotzeko Kuboan, edo 1,48 milioi euroko konpentsazioa jaso eta etorkizunean diru hori erabiltzeko beste nonbait etxebizitzak eraikitzeko. Baina iraganean ikusi izan dugu, horrela, etxebizitza pribatuak berehala eraiki eta etxebizitza publikoak bigarren maila batean geratu eta eraikitzeko prozesua asko luzatzen zela.
Aldiz, erabaki eta adostu dena da jarduketa berezi bat burutzea. Madalenako Kuboko lursailean, orain, 36 etxebizitza pribatu egingo dira.
Aldi berean, Labrederren (Atseden Kalean), alokairura bideratutako 30 etxebizitza publiko lortuko ditu udalak musutruk, 3,5 milioi euro balio dituen eraikin bloke bat konpentsazioaren bidez eskuratuaz. Epeei dagokionez, hitzarmenean jasotzen da, derrigorrez, etxebizitza publikoak lehenago edota pribatuekin batera amaitu behar direla.
Azpimarratu nahi dugu, orain arte hitzartutakoa kontuan izanda, Hondarribiko Udalak eskuratuko dituen 50etik gorako etxebizitza publikoak dohainik eta eraikiak jasoko dituela. Kudeaketa eta negoziaziorako gaitasuna eta herriaren alde onena bilatzea behintzat, ezin zaio ukatu udal gobernuari. Eta kasu honetan bertan, hirigintzaren inguruan dauden ezagutza teknikoak ere mahaigaineratu behar ditugu, legeak baliatzen dituen formuletako bat erabili baita etxebizitza publikoa maximizatzeko.
Hortaz aparte, gehigarri gisa, Javier Ugarte 9an, erdi-soto, behe solairu, gehi hiru solairu izango dituen eraikin bat lortuko du udalak, azpiegitura dotazionaletara bideratuta (Herritarren Arreta Zerbitzua joan daiteke bertan, adibidez). Ekipamendu eta udal erabileratara bideratuko den espazio horrek milioi eurotik gorako kostea du eta udalak 312.000€an eskuratuko du eraikin osoa.
Amaitzeko, bai Montañenea zein Madalenako Kuboaren hitzarmena, aurreko agintarietatik jasotako proiektu heredatuak direla azpimarratu behar ditugu. Zuten kutsu pribatiboari buelta eman diogu ahal izan dugun neurrian. Aurreko agintari jeltzaleen kudeaketetan, etxebizitza publikorik ez zeuden tokian, orain 50etik gora eskuratuko ditugu Udalaren Etxebizitza sailarentzat. Eta ez dira azkenak izango! Hemendik aurrera egongo diren hitzarmenetan, Abotsanitz parte den udal gobernuak zerotik negoziatuta, etxebizitza publikoen handitze nabarmen bat espero dugu.
Hondarribian, 2025eko apirilaren 4a