KIROL EREMUEN TRANSFERENTZIAREN HASIERA, 15 URTE ETA GERO

Pasa den ostiralean, hilak 28an argitaratu zen Gipuzkoak Aldizkari Ofizialean Hondartza Kirol Eremuko lurrak beharrezkoak ez direla jotzea eta Udalaren jabetzara pasatzeko espedientearen hasiera. 2010ean, EAJko diputatu zen Joseba Agirretxea eta orduko alkate Aitor Kerejeta lehen aldiz prentsan agertu zirenetik 15 urte pasa behar izan dira tramiteak abiatzeko, eta ordutik ere, makina bat aldiz agertu dira besteak beste, Arantxa Tapia sailburu ohia edota Aitor Esteban diputatua ere, zegokien hauteskundeen bueltan, gaia itxita zegoela adieraziaz.

Albiste garrantzitsua da hondarribiarrontzat, izan ere, honek ahalbidetuko du, etorkizunean, Udalak esku-hartze zuzena egin ahalko duela kirol eremuaren gainean, kasurako, Futbol Elkarteak urte luzez itxaroten ari den belar naturala aldatu, artifiziala jartzeko edota garatu beharreko beste hainbat inbertsio. Hemerotekan ikusi daitekeen bezala, Abotsanitzetik urteetan egin dugun aldarria da hauxe.

Dena dela, tentuz jokatzeko deia luzatu nahi diogu EAJ Hondarribiari, zehazki “Hondarribia, dueña de los suelos de la zona deportiva, gracias al acuerdo del PNV y del PSOE” aipatu bait dute oraindik eremua udalaren eskuetan ez dagoenean eta hilabete luzez itxaron beharko dugularik hori gauzatzeko. Guztiok gaude zain ea noiz gauzatuko den lur horien jabetzaren transferentzia, beraz, EAJ eta PSEri zintzotasun osoz eskatu nahiko genieke, alderdikerien gainetik, prozesu honetan eduki dezaketen beste instituzioetako informazioa gardentasunez partekatu dezaten herritarrekin eta Udaletxearekin, benetako interesa bait daukagu guztiok.

Hondarribian, 2025eko martxoaren 7a

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

ABOTSANITZ San Pedro kalea 37, 20280 Hondarribia, Gipuzkoa.
Tel. 688 68 70 58 | www.abotsanitz.eus | abotsanitz@gmail.com

Abotsanitz 2025. Eskubide guztiak erreserbatuta